Robotika industrian aplikatzeko aurrerapen teknologiko berriak

26 octubre, 2017

COROMA proiektu europarraren partzuergoak, IK4-IDEKO zentro teknologikoa buru, ekimenaren bilakaera aztertu du

Teknologia digitalak ekoizpen-lantegietan txertatzeak aukera berriak zabalduko dizkio industriaren automatizazioari, baina aldi berean, garrantzi handiko erronkak ekarriko ditu eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeari dagokionez. Testuinguru honetan, robotikak eginkizun handia du, izan ere, diziplina hau 4.0 Industriari buruzko kontzeptuez baliatzen da industria arloko zereginak aurrera ateratzeko.

Robotikaren aplikazioan aurrera egiten laguntzeko, iaz COROMA proiektu europarra abiarazi zen. IK4-IDEKO euskal zentro teknologikoak koordinatutako ekimen honetan, Soraluce makina-erremintako fabrikatzailea ere parte hartzen ari da, askotariko fabrikazio-prozesuak gauzatzeko gaitasuna duen sistema robotiko adimenduna garatzeko asmoz.

Ekimen honen barruan garatutako gailuak aeronautika, ontzigintza edota energia-sorkuntza bezalako balio erantsi handiko sektoreetarako piezak gauzatzeko erabiliko dira.

Partzuergoko kideak hilaren 9tik 11ra bitartean batzartu ziren zentro teknologikoak Elgoibarren duen egoitzan eta Soraluceren instalazioetan, ekimen honen lehen urtean lortutako aurrerapausoak aztertzeko.

COROMAko lantaldeetako buruek eta proiektua gainbegiratzen duen Aholku Batzorde Independentearen ordezkariek emaitzak industriara transferituko direla bermatzeko bideak izan zituzten aztergai.

7 milioi eurotik gorako aurrekontuaz, 2019an amaituko den COROMA proiektuak zazpi herrialdetako 16 enpresa, ikerketa-zentro eta unibertsitate ditu partaide.

COROMA proiektu europarra

Noticia ofrecida por la SPRI